Badu 10 urte Culture/Kultura emaitza fondoaren mezena den Novaldi enpresa Bidarteko Izarbel Teknogunean finkatua dela. Informazio eta komunikazio teknologietan (web & e-business) berezitua izanez, Novaldi-k Culture/Kultura webgunea sortu berri du.
Marie José Burucoa enpresa honen zuzendariak, gure galderei erantzun die.
Zergatik hautatu duzue Culture/Kultura emaitza fondoa sustengatzea ?
Badu urte batzu Novaldi Baiona-Hego Akitaniako Eszena Nazionalarekin lanean ari dela ; haren lehen webgunea sortu genuen eta berriki gune horren bertsio berria sareratu dugu. Bestalde, mugikorretarako gunea bururatzen ari gara.
Berehala, baikorki erantzun diogu beraz emaitza fondoa sustengatzeko proposamenari, izan ere bizi atxikiak gara Euskal Herriko kulturaren garapenari eta gure lanaren bidez, hortan parte hartzen ahal dugu. Kultura biziki garrantzitsua da Euskal Herriko bizian ; kantua, antzerkia, dantza egiten segitu behar da, alor horiek garatu behar dute publiko ezberdinen gana heltzeko, edozein izanik ere beren adina edo beren jatorrizko kultura.
Azkenik, nere ustez, hemen bizi denak kultura programazio aberats batez goza dezake, urte osoan zehar : kontzertuak, ikusgarriak, zine, antzerki edota musika jaialdiak…
Zure ustez, kulturak zer ekartzen ahal dio Euskal Herriaren garapen orokorrari ?
Kultura funtsezkoa iduritzen zait ; jakinmina, izpirituaren irekitasuna, sormena eta emozioen partekatzea errazten du. Ihes egiteko aukera ona da ere, « berehalako irabazia » eskatzen den mundu honetan.
Bestalde, euskal kultura, gazteentzat bereziki, beren « erroak azkartzeko » modu bat da, mugikortasun geografikoa egunero bizi dugun mundu honetan.
Dotazio fondoari esker, espero dut artista amatur edo profesional batzuek kultura obra batzu sortzeko parada ukanen dutela. Aukera da ere euskal kulturaren aberastasuna partekatzeko, kultura hori sorkuntza modernoetaz aberastuz halaber.
Pertsonalki, zer dira zure zaletasunak kultura mailan ?
Pertsonalki ? Bereziki musika eta kantua gustoko ditut. Denetarik entzuten dut : rock, soul, blues, musika modernoagoak, bai eta euskal kantu ederrak ere. Zinema ere anitz maite dut ; Donostiako « Zinemaldia » edo Donibane Lohizuneko errealizadore gazteen Festibala preziatzen ditut urtero.
Bestalde, arte alor desberdinak uztartzen dituzten ikusgarriak ere gustatzen zaizkit, hala nola musika, dantza, umorea, zirkoa, bideoak eta efektu bisualak nahasten dituztenak bereziki.
> Novaldi-ren webgunea : www.novaldi.com